IRAKURKETAREN TXOKOA



Ulermena lantzeko

Kaixo hi!
Ulermena landuko dugu oraingoan. Entzuten duzuna ongi ulertzen duzun ikusiko dugu.

Honako hau egin behar duzu ariketa ongi burutzeko: lehenik, kontakizuna entzun; eta ondoren, galderak ikusi eta zure koadernoan erantzun.


KONTAKIZUNAK

CHIDTOPIA...



Clic programaren bitartez ipuinak lantzen:
Saharako ipuinak/Amona josepi/Lau ipuin/Otsoa eta azeria/Jak eta baba magikoak/





ipuinak bideoan



Ziripot eta Miel Otxinen ipuina

Inauteriak heltzear daude, gaur Ziripot eta Miel Otxin ipuina irakurriko dugu, Euskal Herriko inauterietako bi pertsonai ospetsu. Hemen duzu ipuina, espero dugu zuen gustukoa izatea.



Behin batean, orain dela urte asko eta asko, Ziripot izeneko gizon bat bizi zen Lantzeko herrian. Gizon potolo -potoloa zen Ziripot. Ia ezin zuen ibili ere egin, hortik atera kontuak zein gizena eta makala zen.

Baina gizon patxadatsua eta alaia zen Ziripot, eta denek maite zuten herrian.

Hain gizena eta baldarra zenez, ez zen lanerako gauza. Baina gauza bat egiten zuen ondo Ziripotek: ipuinak kontatu.



Ipuinen truke, herritarrek jatekoa eta edatekoa ematen zizkioten Ziripoti.

-Tori, Ziripot, gaur gazta puska bat eta ogia ekarri dizkizut -esaten zion batek.

-Eta nik ardo pitxer bat -beste batek.

Beste batek haragi egosi pixka bat ekarriko zion, eta hurrengoak katilukada bat salda bero. Eta orduan, Ziripotek ipuin polit bat kontatzen zien esker onez.

Bake ederrean eta pozik bizi ziren denak Lantzeko herrian.


Baina, egun batean, Miel Otxin izeneko erraldoi bat azaldu zen, eta harekin Zaldiko etorri zen, erdi gizon erdi zaldi zen izaki bat.

Zakarra eta gaiztoa zen Miel Otxin, eta deabrua bera bezain bihurria Zaldiko.

Etorri orduko, herritar guztiak bildu zituzten herriko plazan eta hala esan zien Miel Otxinek trumoia bezalako ahots beldurgarriaz:

-Hernendik aurrera guk agintzen dugu herri honetan. Eta entzun ongi guztiok! Zuetako bakoitzak zerbait ekarri beharko digu etxetik egunero-egunero, bestelaaa…! -egin zien mehatxu Miel Otxinek.


Jendea marmarka hasi zen protesta eginez, baina Miel Otxinek isilarazi egin zituen berehala.

-Ixo! Demonio kaikuak! Eta hobe duzue gure aginduak betetzea -esan zuen garrasika Miel Otxinek.

Jende guztia beldurturik zegoen eta Miel Otxinek agindutakoa betetzen hasi ziren guztiak. Miel Otxin eta Zaldiko plazaren erdian jartzen ziren egunero eta herriko jendeak zerbait eramaten zien etxetik.

Ziripot zen ezer eramaten ez zien bakarra, gaixoak ez baitzuen zer eramanik.


Behin hala esan zion Miel Otxinek Ziripoti, petral-petral eginda:

-Aizu, potólo, zatoz hona!

Ziripot gizarajoa makal-makal hurbildu zen.

-Zuk zergatik ez diguzu ezer ekartzen, e? -galdetu zion zakar-zakar Miel Otxinek.

-Ezer ez duenak ezin ezer eman -erantzun zion Ziripotek.

-Aizu, tontolo-potolo, gurekin txantxa gutxi gero! -egin zion garrasi Miel Otxinek.

Zaldiko ere haserre zegoen eta Ziripotengana joanez, ostiko bat eman zion bere zaldi hanka haiekin.

-Tori! Guri adarra jo nahi izateagatik!


Ziripot gaixoa lurrera erori zen. Altxatzen saiatu zen, baina alferrik, baldarregia zen bere gorputz potólo hura mugitzeko.

Bitartean, Miel Otxinek eta Zaldikok barre egiten zioten Ziripot gizarajoari.

-Altxa zaitez lurretik, potolo-kokolo! -esaten zioten burlaka.

Gaua etorri zen eta denak etxera bildu ziren. Miel Otxin eta Zaldiko ere lotara Joan ziren. Herria hutsik zegoen. Ziripot gaixoa bakarrik geratu zen herriko plazan, lurretik altxa ezinik. Inork laguntzen ez bazion, han igaro beharko zuen gau osoa.


Baina gauerdian, herriko jendea agertzen hasi zen isil-isilik. Zazpi gizonen artean zutik jarri zuten Ziripot.

-Ez dago eskubiderik. Honek ezin du horrela segi -kexatu zen emakume bat.

-Baina zer egin dezakegu guk? Oso ahulak gara Miel Otxin erraldoiari eta Zaldikori aurre egiteko -esan zuen gizon batek.

Denak isilik geratu ziren. Orduan Ziripotek hitz egin zuen.

-Erleak ere oso txikiak eta ahulak dira banan-banan hartuz gero. Baina erlauntzako erle guztiek eraso eginez gero, nor ez da izutzen?


Berehala ulertu zuten herrikoek Ziripotek adierazi nahi izan ziena. Beraiek ere erleak bezain ahulak ziren banan–banan hartuz gero. Baina denak elkartzen baziren, erraz menperatuko zituzten Miel Otxin eta Zaldiko.

Etxera joan eta igitaiak, aitzurrak eta sardeak hartu zituzten. Eta gero Miel Otxin eta Zaldikoren bila joan ziren denak batera.

Zaldikok, ordea, ihes egin zuen, zaldi hankekin erraz egiten baita korrika. Baina Miel Otxin erraldoia harrapatu egin zuten.


Herritarrek damutzeko eta barkamena eskatzeko esan zioten Miel Otxini. Baina Miel Otxinek harro-harro erantzun zien:

-Ni damutzeko eta zuei barkamena eskatzeko? Ez horixe! Kakanarru halakoak! Ikusiko duzue, ikusiko duzue… -egin zien amenazu.

Orduan, epaiketa egin zioten Miel Otxini herriko plazan, eta denek aho batez erabaki zuten erraldoia sutan erre behar zela. Eta halaxe egin zuten.



Dena pasatu zenean, lasaitasuna itzuli zen berriro ere herrira. Ziripotek kontu zaharrak eta ipuinak kontatzen jarraitu zuen, eta berriro pozik eta zoriontsu bizi izan ziren Lantzeko herrian.

Ziripot, Ziripot, Ziripot maitagarria, kontalari, kontalari, kontalari miresgarria.

Galdu duenak, galdu duenak

ipuinaren haría,

asma dezala, asma dezala

beste bat berria






euskal mitologia 




Euskal mitologia eta alegiak
Gainerako herri eta kulturetan gertatzen den bezala, euskal mitologiaren oinarriak ere, alegiazko kontakizun, elezahar, sasi-jainko eta antzinako heroien balizko egintza edo egiazko gertaeren kondairak dira; gehienetan, izadiaren indarra edo gizakia eta jeinuen arteko harremana kontatzen dute. Jakin badakigu, ordea, gugana iritsitakoak jatorrizko haien hondarrak beterik ez direla. Batetik, zelta, erromatar, bisigodo, arabiar eta franko-gaztelarrek gure kulturan oro har izan duten eraginagatik; eta bestetik, eliza katolikoak bere alde moldatzeko egindako mendeetako manipulaziogatik egungo elezaharrak oso modu kritikoan irakurri behar dira. Are eta gehiago, antzinako alegiak ahoz aho mendeetan kontatu ondoren, aurrekoen arrasto idatzirik ez eta ezkutatze errazak zirela, eliz gizonek, batez ere, idatzian eman dutelako.
Elezaharren araberako genesia zertxobait berezia da; lurraren alegiak erakusten digu lurra edo Amalurra dela gizakiaren bizilekua, eta lurrak sortu zituela ilazkia lehenik eta eguzkia ondoren. Hortaz, gizakia ilunpean bizi zen hasieran, Lur barnetik ateratzen ziren jeinuen beldur. Jeinu horiek itxura askotan azaldu ohi ziren: adarbakar, gaueko, gizotso, iditu, zezengorri... eta abarren itxuran. Hala ere, badira izaki ezagunaren itxura jakina hartu gabe gizakien gaineko eragina duen jeinurik ere: Aireko; belagile, beldur-haize eta Maide, gerixeti, ehiztari-beltza, Mateo txistu...
Euskal mitologiaren goreneko pertsonaia Amagoi da, Mari izenez ezagutuagoa. Lur barruan bizi da eta idinarruetan gordetako altxor handiak zaintzen ditu, Urrezko txekorraren alegiak erakusten duen moduan. Besteak beste honako lekuak aipatzen dira Mariren bizilekutzat: Aizkorri, Aketegi, Aloña, Anboto, Arleze, Askaata, Ausa-Gaztelu, Auza, Haustokieta, Irati, Ñañarri eta abar. Mariri senar edo senargai asko ezagutzen zaio: Maju; Sugoi ..., bi seme: Atarrabi eta Mikelats, eta horien irakasle dena: Etsai. Gainera, Marik beste jeinu askoren gain eragin zuzena du: ahari, ahatxe, Eate, ihizi, behigorri ...
Baina lur planetan beste izakiak ere bizi dira: Anxo jeinuaren alegiak kontatzen duena adibidez. Izugarrizko indarra duten Basajaun; Basandere; Tartalo bi alegietan azaltzen dena: Tartaloren eraztuna eta Tartalo eskerronekoa. Antzinako jentil hauek bere indar izugarriari esker sekulako harriak jaurtitzen dituzte: sansonarri, jentilarri, Alotza..., alde batetik bestera ibiltzeko bide bereziak dituzte: jentilzubi..., zenbaitetan beren indarra magikoa da: Adur aztiaren alegian kontatzen den moduan, eta bestetan, aberatsak dira: urrezko ohazala...
Badira jeinu onak: Etxejaun, Iditu..., baina, baita bihurriak ere: galtzagorri, familiarrak, inguma, iratxoak, mamur, Mendiondoko euliak..., edo zehaztu gabeko mamuak: Baigurako artzaintsa,
Euskal mitologiako beste pertsonaiak, garrantzi handikoak ere, lamiak eta lamiei lotutako pasarteak dira: lamia, Amilamia eta Lezaoko Amilamia alegia, Ligiko zubia, Lihoaren penak, Munagurengo lamiak...
Kristautasuna etorri aurretik Lur planetan bizi diren jeinuez gain, bada euskal mitologian gurtua izan den Jainkorik ere: Urtzi eta honekin lotutako aste egunak: egu, baita bestelako pertsonaiak: Argi arima galdua, ehortze-eremuak: trikuharriak, Aizkomendi, Arbeiza, Arreo, hilarria, jentilbaratz, jentiletxe, Marietxea, mairubaratze, hainbat alegien arabera hilerriak egin zituzten: mairuak, gizaki txikiak bizi ziren: Baratxuri, edo geroago deabru bihurtuko zuten pareko pertsonaia: behor zuria, gizona eta katua, eta antzeko: txakur zuzidun...
Erromatarren garaiko jainkoak Euskal Herrikoekin nahasturik agertzen dira, haiek ekarritako kultur, jakintza eta ekonomia sistemari lotuak: Aberri; Aereda; Ageio; Alarabi... Euskaldun indartsu baten eta erromatarren arteko borroka kontatzen du Arbuluko indartsuaren alegiak eta Europa osoan errotu ziren inauteri, Markitos, zanpantzar, joaldunak, Miel-Otxin, Zaldiko, Ziripot,...
Kristautasunaren ondorioz, deabru bihurtutakoak: Aiar, ahiarra, deabrua, gabon zahar, mamu, mikolas, doministiku, Txerrenen adina, kristauak: Birila abadea, eta kristauak ez zirenak: Baratze,
Erlijio berriak indarra hartzen zuen neurrian antzinako jeinuen baztertzea edota asimilazioa eragin zuen, honakoa da horren erakusle nabarmenena: "Sortu da jende txiki perrua / akabatu da, jende humanoa". Jentilen amaierari lotutakoa: Kixmi,
Eliz katolikoak indarra hartu zuenean deabrutu egin zituen bere eginkizunari egokitzen ez zirenak: sorginak, akelarreak, eta honi lotutako alegiak: Dominika, Zugarramurdiko sorginak, Intxixu, Borgotako lamia eta sorgina, sorgina eta konkorra, sorgin berri, sorgina eta haurra, sorgin bahitzailea, Sorgin-saldu baten ukendua, eta honi lotutako animali mitologikoak: akerbeltz,
Bereak ere ezarri zituen: arima, tenporak, zotalegun, zozomikoteak, harpeko saindua, Gaueko, Madarikazioaren inguruan: Txandia, edo ideologia honi lotutakoak kutsatu: Gizona eta sugea, Ikazkina eta Herioa, sagutxoen ipuina, Salbatoreko kandelagailua... Euskal Herrian garrantzi handia hartu zuten saindu asmatuak: Madaleine Larralde, Leon, San Fermin,
Alegi batzuk Judutarren kontra Inkisizioa sortu zuenekoa kontatzen dute: dorre misteriotsua,
Kondaira eta sinboloen munduan oso aberatsa da, ikusten denez, Euskal Herria. Zoritxarrez, asko, betiko galduak edo behar berrietara egokituak azaltzen zaizkigu.ipuinak bideoan