Inauteriak ez dira
Euskal Herrira bakarrik hedatzen. Mundu guztiak ezagutu izan ditu eta era berean bizi.
Gaur egun ere ez dira gutxi jai hauek berpizten eta gaurkotzen dituzten herriak. Hauetatik
bat Euskal Herria berau dugu.
Baina, nondik datorkigu inauteriak ospatzeko ohitura hau? Inauteriez
galdetzean eta mundu guztian zehar hain hedaturik den ohitura bat dela ohartzean, gizakiak
berak izan duen eta gaur egun duen arrazoi sakonen bati erantzungo diola pentsa genezake.
Noiztik dauzkagu gure artean ohitura hauek? Gizakiak bezain zaharrak
direla esatea gehiegi bada ere, bai gutxienez artzaintza arokoak. Beraz, historiaurretik
bertatik datozkigu aztarnak.
Gizakia artzain bilakatzean, mundua eta izadia beste modu batez
ulertzen hasi zen. Kobazuloetan bizi ziren haiengan, ehiza, arrantza eta fruitu bilketatik
agian, urtaroen aldaketek eragina zuten. Baina are gehiago artzaintzatik bizi behar
zutenengan, udako beroaldietan mendi gainetara jotzen zuten, baina neguko elurtzetan
ibarretara eta itsasaldetara. Bizitza toki finkatu batean egin beharrean aldatu egiten
zuten, udarako toki bat zeukaten, eta negurako beste bat. Nekazaritzarekin gehiago finkatu
zitzaion gizakia lurrari, uzta eta erein garaiak zirela-eta.
Batzuetan bizitza errazago egiten zitzaion, bestetan zailago. Eguzkia
jarri zuten guzti honen eragile. Eguzkia beharrezkoa zen fruituak heltzeko. Bera da garai
hartakoentzat bizitzaren oinarri. Hala ditugu euskaraz "Eguberri" (eguzki
berri), eta "Ekain" (eguzki gain). Neguko eta udako solstizioak kontuan izaten
hasi ziren, bai bata bai bestea, jai bereziz ospatzen zituzten. Negutik udaberrirako
bizitza berri baten pozez sortu zen inauteri aroa eta udan, ekainean "San
Joanak".
Antzinako gizakientzat inauteriek urtaro bat agurtzean eta beste berri
bat hastean hartu zuten esanahi berezia. Abereak hartuz beste lurralde batzuetara jo behar
zuten janari bila. Beraz, murritzaldiak, janari eskasia eta abar ezagutu behar izan
zituzten. Honen aurrean, bai janariz, bai dantzaz, bai edariz hornitutako jai batez
agurtzen zuten aurretiko urtaroa.
Baina inauterien datu zehatzagoak kristautasuna zabaldu ondoren
datozkigu. Kristautasunak, ohitura zaharrago bati jarraituz, Garizuma ezartzen zigun. Une
hau era guztietako penitentzi, sakrifizio, zigor eta barauz dago osatuta, batez ere
barauz, barauak baitira Garizumako ekintzarik nabarmenenak (aratusteak: haragi uztea).
Garizuma aurreko unea inauteriek osatzen dute. Gizakiak oreka bat bilatu nahian,
Garizumaren aurretik, Inauteriak antolatzen hasi zen. Inauteri hauek Garizuma esanahiaren
aurkako ekintzez osatzen ziren. Inauteriak azken batean, Garizumaren "zigorrak"
jasan aurretik, gizartearen eta gizakiaren prestakizun psikologiko bat baino ez direla
esan genezake.
Inauterien esanahi semantikoaz zera esan dezakegu, erromatarrek beraiek
ere "Carnes tolendas" hitzaz ezagutzen zutela garai hau, "haragia uzteko
sasoia" agian. Guk Bizkaian esanahi bera duen hitza erabiltzen dugu:
"Aratusteak", haragia jatea uzteko garaia. Gaur egun, Euskal herrian zehar
Inauteriak hitza dugu, urtaroaren muga honetan gizakia bere askatasunik zabalenean dago.
Badirudi txantxetan edo adar jotze garaia dela, hori esan nahi duela hitz honek, festa
garaia hain zuzen. Festa garai honen punturik gorenena asteartea izaten da, ondoren
errauts eguna dator, eta berarekin batera Garizuma.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina