Korrika 18Zer da Korrika?
Korrika, AEK-k
antolatuta, Euskal Herri osoan zehar egiten duen euskararen aldeko
lasterketa erraldoia da. Gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia
suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko
dirua biltzea ditu helburu.
1980an
Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen 1. Korrika antolatu
zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta
garrantzitsuenetakoa da. Ordudanik 17 Korrika eta 32 urte igaro dira.
2013ko martxoaren 14an hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Euskal
Herria zeharkatuko du hamazortzigarrenez Korrikak. Bi mila kilometro
baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka
korrikalarirekin, gau eta egun gelditu gabe.
Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen da eskuz esku eta
kilometroz kilometro korrikalarien artean; lekuko horren barruan Korrika
helmugara iristean, euskaldun ezagun batek irakurriko duen mezua doa,
ordura arte sekretupean gordetzen dena.
Ehunka mila lagun izan dira parte-hartzaileak aurreko Korrika
edizioetan. Korrikaren inguruan sortzen den mugimenduak Euskal Herriko
jendarteak bere hizkuntza berreskuratzearen alde egindako hautua
erakusten du. Korrika Euskal Herriko jendartea astintzen duen gertakari
bilakatu da. Bi urterik behin egiten den lasterketan parte hartzen duen
jende kopuruak gora egiten du etengabe, Korrikaren antolaketan milaka
lagun aritzen dira herriz herri eta auzoz auzo eratutako batzordeetan,
eta kanpainak irauten duen bitartean ehunka jaialdi, kultur ekitaldi eta
abar antolatu ohi dira.
|
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina